XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ABERTZALETASUNA

ABERTZALETASUN mota asko balira bezala mintzo da zenbait.

Aberriak asko dira, gizarteari buruzko iritziak eta egitasmoak ere bat baino gehiago izan daitezke, baina abertzaletasuna bera sentimendu berdina da batzuengan eta besteengan.

Maiteminduen maitasuna den bezalaxe.

Izan ere, zer da abertzale izatea?

Norbere herria maitatzea eta norbere herriaren alde ahal duen guztia egitea.

Hori da abertzaletasuna mundu guztian: españolentzat, frantsesentzat, euskaldunentzat, ingelesentzat, katalanentzat, eskoziarrentzat, edonorentzat.

Abertzale hori, abertzale izateaz gainera, kristaua, budista, fedegabea, demokrata, faxista, liberala, sozialista eta nahi dena izan daiteke.

Edo alderantziz, hau eta hura izateaz gainera, abertzale izan daiteke.

Baina abertzaleak ez ditu abertzaletasunak bereizten, beste zerbaitek baizik: aberri desberdinek, interes desberdinek, gizarte egitasmo desberdinek eta abarrek, alegia.

Desberdintasunak ere ez dira mota berdinekoak, jakina.

Elkarrekin molda daitezkeenak dira batzuk.

Bada, ordea, elkarren etsai eta menperatzaile denik ere.

Fede, egitasmo eta interes desberdinak dituztenek neurri bateraino ederki egin dezakete elkarrekin lan: hizkuntzari buruz, nortasunari buruz, garapenerako eta etorkizunerako norbere herriak behar dituen baliabideei buruz eta abarrez.

Baina bi aberriri buruzko egitasmoak txertakaitzak dira.

Ez naiz, noski, aberri berari buruzko etorkizunaz izan ditzakeen iritzi desberdinaz ari, aberri horrek bakarrik ala beste norbaitekin elkarturik behar duen izan, alegia.

Bi aberri desberdinei buruzko bi egitasmoez baizik.

Horiek bata bestearen kontrakoak dira.

Garbi esanda, Euskal Herria euskaldunagoa edota españolagoa, hau da gaztelauagoa egin nahi duten egitasmoak uztar-ezinak dira.

Ez nator bat, frenoa bihurtzen ari da dioenean, abertzaletasunik gabe ez baitira herri honen funtsezko ezaugarriak gordeko, are gutxiago indartuko eta garatuko.

Besterik da elkarrekin bakean bizitzen jakitea, bakoitzak bere egitasmoa demokratikoki lortzea eta abar.

Horregatik ez nator bat Julen Madariagarekin, herri menperatuek, beren burua askatzeko erabiltzen duten zerbait da abertzaletasuna.

Horretarako ere izan daiteke, noski.

Baina ez derrigorrez.

Norbere herria, hizkuntza, kultura, norbere herriaren etorkizuna eta abar maitatzea eta aurrera atera nahi izatea da abertzaletasunarentzat ezinbestekoa.

Nik ez dakit, Pello Arrizabalagak bezain ziur, Euskadi askatuta dagoenik.

Baina bat nator berarekin, abertzaletasunari orohar zor diogula herri honen zenbait ezaugarri funtsezko.

Eta ez nator bat, frenoa bihurtzen ari da dioenean, abertzaletasunik gabe ez baitira herri honen funtsezko ezaugarriak gordeko, are gutxiago indartu eta garatuko.

Bera jotake ibili zen garairako bakarrik zela abertzaletasuna mesedegarri uste du Pello Arrizabalagak, nonbait.

Are okerrago, jotake ibili zena bakarrik dela zinezko abertzalea sinesten du.

Horregatik gogoratzen die Arzalluz, Egibar eta beste zenbait jenderi, Mariori bere iragana leporatzen diotenean, beraiena ere bilatzen hasi beharko liratekeela nonbait galduta edo existitu ere ez baita egin.

Diktadurari erantzuteko bakarrik balio du abertzaletasunak eta diktadurari jotake bakarrik erantzuten zaio, Pello Arrizabalagaren iritziz.

Langileekin elkartzeko meazulo batean lan egitea, ikasten jardutea, sindikatugintzan, euskal kantagintzan, ikastolagintzan eta abarretan aritzea ez da abertzale izatea, nonbait.

Hobe genian, orduan ere, jotake ibiltzeko ordez, gerorako irakasleak, politikoak, funtzionariak, kazetariak eta abar egin izan bagenitu.

Alde ederra izango genian orain.

Izan ere, jotake hark ez baitzuen ezta Frankoren heriotzarik ere aurreratu.